Gallarta
| Gallarta | |
|---|---|
Gallarta auzoa | |
![]() | |
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Udalerria | Abanto |
| Geografia | |
| Koordenatuak | 43°19′15″N 3°04′26″W / 43.32073°N 3.07387°W |
| Garaiera | 120 metro |
| Demografia | |
| Biztanleria | 4.612 (2025eko urtarrilaren 1a) |
Gallarta[1] Bizkaiko Abanto udalerriko auzo nagusia da. Meatzaritza aktibitatearen testuinguruan sortu zen XIX. mendearen hasieran, jatorriz gaur egun Kontxa II. meategia dagoen tokian.
Toponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzoa Gallarreta deituriko lekuan sortua da. Galar + eta = Gallarr(e)ta = Gallarta. Euskal toponimian hain hedatua den "galar" hitzaren esanahia ikaztobia[2] edo enbor hila esan gure du, -eta atzizkiak, berriz, ugaritasuna adierazten du.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguru naturala eta kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gallartako auzoaren ondoan, Euskal Herriko meatzaritzaren historiako meategirik garrantzitsuena dago, Bodovalle (Concha II), Agruminsa (Agrupación Minera S.A.) enpresak ustiatu zuena. 1993. urtean Bizkaian itxi zuten azken meatzea da. 1970eko hamarkadan Europako bigarren burdin ustiategirik handiena bilakatu zen, garai onenetan barnean 500 langile izan ziren. 1983. urtean Kontxa II. deritzon aire zabaleko meatzean ustiatzeari laga zioten, ez ordea, lur azpiko meazuloetan.
Lur azpian 50 kilometroko galeriez osaturiko labirintoa barreiatzen da, meatzariak autobusez jaisten ziren bere lanpostuetara, barruan kamioi eta autobusen trafikoa antolatzeko semaforoez baliatzen ziren eta tunel nagusia ongi argiztatuta zuten.
Galeriez gain 60 ganbera erraldoi ere badaude, bakoitzean (125m altu,100m zabal) Burgosko katedrala sartzeko adinako lekuarekin. Ehunka horma-bularrek meazuloak babesten zituzten baina mea agortu ahala etekin handiena ateratzeko helburuarekin zenbait galeriatako babesak kendu zituzten; gaur egun batzuek erortzeko arriskuan daude. Lurpeko galeria artifizial hauek haitzulo naturalekin bat egiten dute hainbat puntutan; hauen esplorazio eta ikerketan aritzen da Burnia Espeleologia Elkartea.[3]
Gallartaren jatorrizko kokaleku izandako Kontxa II. meategia Euskal Herriko lurrazaleko punturik sakonena da; dinamitaz sortutako zulo erraldoi honen barrena itsasoaren mailaren azpitik 37 bat metrora dago.
Herria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Meatzari Etorbidea herriko kale nagusia da; bertan eliza, Dolores Ibarruri institutua, udaletxea, banketxeak, saltoki gehienak... topatuko ditugu. Etorbidea Marcianoren iturrian hasi eta El Casal inguruan amaitzen da. Udaletxe berria kokatzeko El Casal ingurua aukeratu zuten. Abantoko Santa Juliana Kontzeju zaharreko barrutian, Sanfuentes ondoan eta Somorrostro haraneko batzar-pinu historikotik hur (Pino del Casal).
Egungo Gallartan eraiki zuten lehen auzunea Mikel Deuna Taldea izan zen; ondoren, Gallarta zaharra eraisten joan ziren heinean, etxebako biztanleak birkokatzeko xedearekin auzo gehiago sortu ziren. Adibidez, auzo berri bati Peñukas izena eman zitzaion, hemen biziko zen jende gehiena Peñukas zaharra zeritzon kaletik etorri zelako. Peñukas berria herriko goiko aldean 7 eraikinez osaturiko auzunea da eta erdian Abanto Euskaltegia (AEK) eta iturridun plaza txiki bat dago.
Bizkaiko meatzaritzaren ikurretako bat izanik, herriaren ondarea berreskuratu nahian bertan eraiki zen Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren karlistaldia amaitu ostean, Bizkaiko meatzaldean "meatzal booma" deritzona hasi zen eta horrela jaio zen Gallarta, meatzari herri bezala baserri ingurunean. Mearen ustiapenarekin eliza, udaletxea, eskolak, zinema, abere-hiltegia, meatzari ospitalea... eraiki zituzten bertan. Gallarta zaharraren bihotza aire-tranbia, plano inklinatu eta Trianoko mendien burdina garraiatzen zuten trenen erritmora ari zen taupaka. Baina 1960ko hamarkadan herria desagertzera kondenatu zuten: inguruetako meatokiak agortuta, Franco-Belga meatzal enpresak Gallarta azpian zegoen burdina-zaina ustiatzeari ekin zion. Derrigorrezko desjabetze prozesu baten ostean, gallartarrek herria etxez etxe eraisten ikusi zuten. Etxebizitza ezarengatik biztanle ugarik alde egin behar izan zuten ondoko herrietara.
Gallarta zaharretik Gallarta berrira lekualdaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gallarta zaharraren ospe eta entzutea aire zabaleko meatzaren ustiapenak trenkatu zuen.
Herriaren goialdeko Peñukas kalean sortu ziren lehenengo borroka taldeak. 1960. urtean, Peñukas hain zuzen, izan zen eraistea sufritu zuen lehenetariko aldea.
Derrigorrezko desjabetzean erabilitako prozedurak herritarren haserrea piztu zuen, urte nekosoak igaro ziren familia guztiak birkokatu arte, ez zen bizi-giroa Gallartan. Gainera, ondoan zegoen meatze ustiapenean zartarazten zituzten barrenoek herriko karrika eta teilatuetan kalte ugari sortzen zituzten. 1961. urtean udaletxeak meatzea kudeatzen zuen Franco-Belga enpresa salatu zuen, Gallartako erdigunean harri handiak jaustearen errua egotzita.
Ondoeza areagotu zen dardariken ondorioz zenbait etxetan arrakalak agertu zirenean. Gallartako familia aberatsek eta ez hain dirudunek ere, ondoko herrietara bizitzera alde egin behar izan zuten, bereziki Santurtzi eta Portugaletera.
Meategiak historia handiko herria xehatzea ere lortu zuen.
Gobernadore zibilak eta Franco-Belgaren zuzendariak desjabeturiko beste familientzat Gallarta berrian etxebizitzak eraiki arte meatzeko leherketak etetea adostu zuten.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Gallartako biztanleria |
|---|
![]() |
Gallartako eraikin aipagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Triano Meatzari Erietxea ("Preventorio"), gaur egun, Eraikuntzako Institutuaren eta herriko gazte eta erakunde batzuen egoitza.
- Txikito de Gallarta frontoia. Frontoi berria 1973ko urriaren 23an ireki zuten. Izena ipintzea ez zen lan xamurra izan, herrian primerako pilotari ospetsu ugari egon zirelako. Azkenean "Txikito de Gallarta" deituko da. Gainera, pilotaleku berriko goiko solairuan jai-alaia goresten duen mural bat egitea adostu zuten Marcelino Bañales herriko artistarekin. 1974. urtean herriko gazteen artean euskal pilota bere modalitate guztietan sustatzea helburu zuen Gallarta Pelotazale Elkartea sortu zuten. Elkarteko zuzendaritza-batzordeak programak prestatu eta plangintza orokorrak burutzen ditu. Horrela jaio ziren herrian dauden hainbat txapelketa, norgehiagoka profesionalak, eskolarteko torneoak...
- Paduako San Antonio eliza. 1967an eraikia, Gallarta zaharreko elizaren ordez.
Beste datu batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gallarta 1968. urtean Bilbo Handiko edateko uren hornidura partzuergora lotzen da. Aurretik herrian zegoen uren hornidura sisteman, Itxaropena ur-biltegia funtsezkoa izan zen. Trianoko mendietatik biltzen ziren urak jasotzen zituen.
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gallartako jaiak San Antonioren omenez ospatzen dira ekainaren 7tik ekainaren 16ra. Jai erlijiosoaz gain Sagardo eguna (Urria), Garrafoi eguna (Iraila), eta Burdin jaia ere ospatzen dira.
Gallartatar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dolores Ibarruri (1895-1989), politikari komunista.
- Manuel Sarabia (1957-) , Bilboko Athletic Klubeko jokalaria.
- Asier del Horno (1981-) , Bilboko Athletic Klubeko jokalaria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) BURNIA – Sociedad Espeleológica – Espeleologi Elkartea. Espeleología Caving Encartaciones Bizkaia Galdames Turtziotz -Trucios Karrantza – Carranza. Cueva, sima, Leize, Kobazulo, Cave. 2025-05-10 (kontsulta data: 2026-07-30).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren webgunea.
- Bodovalleko Ebakitzea[Betiko hautsitako esteka]
- Km 130 blogean, Gallarta zahar eta berriko irudien konparaketa.
| Abantoko auzoak | ||
|---|---|---|
|
Abanto · Balastera · Campillo · Cotorrio · El Once · Florida · Gallarta · Las Calizas · Las Carreras· Las Cortes · Los Castaños · Murrieta · Picón · Putxeta · San Pedro Abanto · Sanfuentes · Santa Juliana · Triano | ||

