Bodovalleko mehatze-hobia
| Bodovalleko mehatze-hobia | |
|---|---|
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Herria | Abanto |
| Koordenatuak | 43°18′34″N 3°04′23″W / 43.30943056°N 3.07308333°W |
![]() | |
| Ondarea | |
Bodovalleko mehatze-hobia[1][2] —halaber Concha II eta Concha 2— izenez ezaguna, Bizkaiko Abanto udalerriko Gallarta auzoan dagoen meategi irekia da, garai batean Europa osoan burdin-ekoizpenik handiena izan zuena[3] eta Euskal Herrian itsas mailaren azpitik dagoen lurgaineko toki bakarra (-37 m).[4][5] Euskal Autonomia Erkidegoko aire zabaleko ustiategirik handiena da, eta monumentu izendatu zuten 2011n.[2]
Toponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Meategia Bodovalle izeneko parajean abiatu zen, erreka bat zuen haran txiki batean. Izen horrek zelta jatorria izan dezake.[6] Lanak hasi zirenean, berriz, meatzaritzako tradizioari[7] jarraituz, ustiapenari Concha II emakume izena eman zitzaion.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badirudi burdinaren ustiaketa erromatarren garaian hasi zela, arkeologoek Trianoko mendietan k.o. III eta IV. mendeetako zeramikak aurkitu baitzituzten.Gainera, Plinio Zaharrak, k.o. I. mendean, Iberiar penintsulako iparraldean «burdinazko mendi handi» bat zegoela idatzi zuen.[8]
Ezaugarri fisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Concha II meategiaren azalerako hutsuneak kono alderantzikatuaren itxura du, 700 x 350 x 150 metroko neurriarekin. Hobiaren hondoa Euskal Herriko aire zabaleko kotarik baxuena da (37 metro, itsas mailaren azpitik).[1]
Lurpeko galeriek, berriz, 50 kilometrotik gorako sarea osatzen dute.[3]
Gaur egun, aintzira artifizial bat dago meazuloan, harrobi barnetik sortua.
Ustiapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urte askoan, zonalde honetako meategietan, ateratako mearen zatirik handiena hematite gorria izan zen, eta neurri txikiagoan goethita, biak kalitate oso onekoak.[1] 1900 urte inguruan, esate baterako, urtero 6 bat milioi burdin mea tona ateratzen zituzten bertatik, mundu osoko produkzio osoaren %10-a.[9]
1950eko hamarkadan, mea hau agortzen hasi zenean, Franco-Belga konpainiak -garai hartan esleipena zuenak- lurpean zeuden karbonatoak ustiatzea proposatu zuen; burdinazko lege baxuagoko minerala, baina errentagarria kiskaltze-labetan prozesatzen bada.[1] Gallartan eginiko prospekzioetan karbonato zain garrantzitsu bat aurkitu zen. Hori ustiatzeak, ezinbestean, Gallartako herria suntsitzea zekarren,[3] edo zehatzago esanda Peñucas auzoa, non 7000 bat pertsona bizi ziren. Ustiapena 1958an hasi zen, eta horrekin batera auzoko etxe eta lurren desjabetzea (azken etxeak 1986an eraitsi ziren).[10]
Desjabetzeak 225 bat familia etxez aldatzera behartu zituen, asko ondoko herrietara. Prozesu honetan gatazka handiak izan ziren, bai akordioekin konforme ez zeuden pertsonekin, baita etxebizitzen ondoan egiten ziren leherketen kontura.[3] Suntsiketan herriaren leku enblematikoak desegin ziren, hala nola eliza, frontoia[11] edo Peñucas kalea bera, non Dolores Ibarruri jaio eta bizi izan zen.[1]
1970eko hamarkadan, 500 langilerekin, Europako bigarren burdin ustiaketa handiena izan zen.[12]
Lurrazaleko extrakzioak 1983 urtera arte iraun zuen, artean Agruminsa enpresaren eskutik; ordutik aurrera, mea ateratzeko lanak lurpeko galerietan jarraitu zuten 1993 arte. Urte horretan amaitu zen meategiaren jarduera, Bizkaian iraun zuen azken burdin ustiapena.[1]
Aire zabaleko hobitik (lurpeko galeriak kontuan hartu barik), bere aktibitate urteetan, 14.000.000 metro kubiko material induskatu ziren. Hortik 40.000.000 tona material esteril izan ziren, eta 9.000.000 tona karbonato.[13]
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1986tik aurrera, meatzari ohiek haien lanbidearekin lotutako tresneria biltzeari ekin zioten. Material horiekin, 2001 urtean, Concha II meategiaren ertzetako batean egondako hiltegiaren eraikinean, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eratu zen,[14] gaur egun Espainiako Erresumako meatzaritza-material bilduma osoena dena.[1]
2008an Espainiako Gobernuak, meategiaren galeria batzuk estali eta harriz betetzeko proposamena aurkeztu zion Abantoko udalari. Herritar asko, aurka agertu ziren meategiak herriarentzako duen garrantziagatik, baina azkenik 2009an meategiaren 15 galeria estaltzeko lanak hasi ziren.
2011 urtean, Eusko Jaurlaritzak Concha II meategia kultura intereseko ondasun izendatu zuen, monumentu kategoriarekin.[3]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 6 7 «136. Bodovalleko meatze-hobia (Abanto-Zierbena)» Euskadi.eus (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) 2020-06-16 (kontsulta data: 2026-08-04).
- 1 2 «Bodovalleko meatze-hobia» Visitbiscay.eus (Bizkaiko Foru Aldundia) (kontsulta data: 2026-08-04).
- 1 2 3 4 5 (Gaztelaniaz) Esme. (2025-02-12). «MINA CONCHA II» Conoce Bilbao con Esme (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ https://web.archive.org/web/20131203005604/http://foros.embalses.net/showthread.php/13319-La-Corta-de-Bodovalle
- ↑ https://web.archive.org/web/20131203004212/http://gara.naiz.info/paperezkoa/20111123/305293/es/Declarada-conjunto-monumental-mina-Bodovalle-Gallarta
- ↑ (Gaztelaniaz) «Bodon» www.celtiberia.net (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Redacción. (2017-10-24). «Cuando la mina tiene nombre de mujer» Diario de León (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ https://web.archive.org/web/20131203051604/https://www.euskadi.net/r49-8752/eu/contenidos/informacion/pnegras/eu_hezk/resenas_historicas.html
- ↑ http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20111123/vizcaya/mina-gallarta-hace-monumento-20111123.html
- ↑ (Gaztelaniaz) «Gallarta, visita a la cuna de la minería en Vizcaya | Guía Repsol» REPSOL 2018-11-08 (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ «Corta Bodovalleren historia - Turismo» Turismo (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ https://www.euskadi.net/r49-8752/eu/contenidos/informacion/pnegras/eu_hezk/gallarta.html[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Bodovalleko aire zabaleko meatzea» Euskadi Industria Ondarea (kontsulta data: 2026-08-04).
- ↑ Gure Historia – Meatzaldea. (kontsulta data: 2026-08-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mina Bodovalle, 1975, 1976 eta 1977ko irudiak.
- Historia de una mina, historia de un pueblo. La corta de la mina Concha II como ejemplo del pasado minero del País Vasco. Ohiane Herrera, Virginia Ormaetxea. Tierra y tecnología: revista de información geológica, ISSN 1131-5016, Nº. 35, 2009, págs. 67-72
- (Gaztelaniaz) Bodovalleko meategia bizkaia.net web gunean
- (Gaztelaniaz) Bodovalle meategiaren estaltze lanen hasierari buruzko albistea Deia egunkarian.
